martes, 17 de junio de 2014

Artelanen behaketa

Gabon,
Oraingoan duela urte pare bat egin nuen lan bat dakarkit. Hau gizarte arloko lana da eta XV, XVI eta XVII.mendeetan eginiko artelan famatu batzuen behaketa da. Lan hau egin nuenean apur bat aspergarria iruditu zitzaidan, baina egiten hasi nintzen bitartean gaiarekiko interesa piztu zitzaidan eta pintura edo eskulturen historiaz hobeto eta gehiago informatu nintzen. Zuei ere gauza bera egitera animatzen zaituztet, artelan hauek benetan ikaragarriak baitira eta espero dut informazioa baliagarri izatea.


                           Pintura



Rubens. Leuciporen alaben bahiketa:
Peter Paul Rubens pintore Belgikarra izan zen, eta Barroko estiloko artista prestigiotsuenetako bat izatera heldu zen. 1577ko ekainaren 28an jaio zen Alemanian, eta 1640ko maiatzaren 30an hil zen, Flandrian. Antwerpeko eskolan ikasi zuen, eta bere lan gehienetako gaiak paisaiak, erretratuak, gai erlijiosoak edo mitologikoak ziren. Bere margotzeko era beste artista batzuengandik hartu zuen, hala nola, Tiziano, Miguel Ángel edo Caravaggio.
Bere lan garrantzitsuetako batzuk hauek dira: “Parisko epaiketa”, “Leuciporen alaben bahiketa”, “Bako eta Ariadna”, “Lermako dukearen erretratua”, “Isabel de Valois”, “Ganimedesen bahiketa” eta “Europaren bahiketa”.
Leuciporen alaben bahiketa izeneko koadroa 1618.urtean egina izan zen.  Koadro hau, oleoaren teknika bidez, tela gainean egindako pintura bat da eta bere neurriak, 2,22m x 2,09m dira. Gaur egun, Munich-eko Alte Pinakothek-en aurkitu dezakegu.
Bere margolan hau, Leuciporen alaben bahiketa deiturikoa, mitologiako pasarte batean oinarrituta dago, non Zeus eta Ledaren semeek Leucipo erregearen alabak bahitzen dituzte, Kupidoren laguntzaz. Erregearen alabek beren lehengusuekin edukiko zuten ezkontza oztopatzea zuten helburu, hala beraiekin ezkon zitezen.
Ez du hirugarren dimentsioa lortzen, baina pertsonaiak eta paisaiak plano ezberdinetan agertzen dira eta sakontasuna lantzen du. Teknika oraindik ez du sakonduta.
Argia zerutik datorrela dirudi, eta Leuciporen alaben gorputz eta aurpegietan islatzen da, hauek besteen gainetik nabarmenduz. Koloreak deigarriak dira, eta kolore bizi hauek erabiliz, kontrastea sortzen du.
Espazioa ondo betetzen du. Koadro erdian zaldunak indarkeriaz, Leuciporen bi alabak eramaten saiatzen dira. Bazter batean, zaldi baten ondoan apur bat ezkutatuta Kupido agertzen da. Pertsonaien atzean paisai natural bat ageri da, hodei batzuekin, eta urrunean, perspektiba erabiliz, landak erakutsiz, sakontasuna handitzeko.
Oleo honetan ageri diren pertsonaiak mitologikoak dira.  Alde batetik Leuciporen alabak daude, Febe eta Hilaira, eta bestetik Zeus eta Ledaren seme diren Castor eta Polideuces. Koadro honetan Kupido ere ageri da. Alabak biluzik agertzen dira eta zaldunak ordea armaduraz hornituta.
Pertsonaien ardatza gurutzatutako diagonalak dira, eta mugimendua islatzen dute. Leuciporen bi alabek koadrotik irten nahi dutela dirudi.
Leuciporen alaben aurpegietan izua da nabari, eta laguntza eske daudela dirudi.





Caravaggio. Dabid eta Goliat:
Michelangelo Merisi da Caravaggio margolari italiarra izan zen. 1571an Milanen jaio zen eta 1610an Porte Ercolen hil zen. Barrokoko pinturaren sortzaile nagusienetako baten gisa kontsideratua dago. Bere lehen ikasketak bigarren mailako irakasle batekin egin zituen Simone Peterzanok-ekin eta gero beste Veneziako artista batzuen obretatik ideiak hartu zituen. Hasieran, margotzerakoan bere gaiak bodegoiak ziren, baina denborarekin batez ere obra erlijiosoa jorratzen hasi zen. Bere pinturetako modelo gisa, herriko jendea erabiltzen zuen.
Bere lan garrantzitsuenetako batzuk hauek dira: “Gaztea fruta jasotzen”, “Karta jokalariak”, “Bako gaixorik”, “Zorte ona” eta “San Pablorekin elkarrizketa”.
“Dabid eta Goliat” izeneko koadroa Caravaggioren gertuko noble batek eskatua izan zela uste da, 1617.urte aldera, baina bildumetan ez da ageri 1781a arte. Koadro hau, oleoaren teknika bidez, mihisearen gainean, egindako pintura bat da, eta bere neurriak, 110,4cm x 91,3cm dira. Gaur egun, Madrilgo Prado museoan aurkitu dezakegu.
“Dabid eta Goliat” margolanak gai erlijiosoa du, eta Antzinako Testamentuko pasarte batean oinarrituta dago. Bibliako historiak  Dabid eta Goliaten arteko borroka kontatzen du. Dabidek Goliaten desafioa onartu, eta gero bere hondarekin hiltzen du. Caravaggiok pintura egiterakoan, Dabid Goliaten burua soka batez lotzen ari den momentua aukeratzen du. Caravaggiok margolan honetan bere aurpegia erretratatzen du Goliatenean.
Barrokoko pintura bat da eta erabilitako eskala tenebrismoa da. Fondoa iluna uzten du eta pertsonaien gorputzak argi bortitzez argitzen ditu, hala begiradak toki jakin batzuetan bideratzeko. Kontraste handia egiten du eta indarrezko espresio asko eratzen ditu beren aurpegietan, hala eszena tenebrosoa eratuz. Erabiltzen dituen kolore ilunak naturalismoaren ezaugarri nabarmen bat da. Espazioa ondo betetzen du, baina hain marko txikiaz estutasuneko sentsazioa eragiten du koadroak ikusleengan.
Oleo honetan ageri diren pertsonaiak Bibliako pasarte batekoak dira: Goliat soldadu-erraldoi bat zen eta Dabid mendian egoten zen artzaina. Dabiden eskuek mugimendua adierazten dute soka estutzen ari dela. Goliaten aurpegiak sufrimendua adierazten duen bitartean, Dabidek lasaitasuna islatzen du.







Piero della Francesca. Jesus zigortzen:
Piero della Francesca margolari eta matematikari italiarra izan zen. 1415.urtearen inguruan jaio zen, Borgo del Santo Sepolcron, eta 1492ko urriaren 12an hil zen. Errenazimenduko margolari handienetako bat bezala kontsideratuta dago. Bere margolanetan perspektiba asko landu zuen. Freskoak egiten ere bikaina zen. Antonio de Anghiari izeneko maisu baten tailerrean hasi zituen bere ikasketak eta Erroman, Ferraran, Riminin eta beste hainbat tokitan garatu zituen. Lantzen zituen gaiak gehienbat erlijiosoak izaten ziren.
Bere lan esanguratsuenetako batzuk hauek dira: “Kristoren bautismoa”, “Flagelazioa (Jesus zigortzea)”, “Birjina umearekin eta Federico da Montefeltrorekin” eta  “Senigalliako birjina”.
“Jesus zigortzen” deituriko koadro 1444 eta 1449 urteen artean egina izan zen. Nahiz eta garai hartan Federico de Montefeltrorentzat lan egin, Piero della Francescak aipaturiko koadroa enkargurik jaso gabe egin zuela uste da.
Koadro hau oleo eta tenpera pintura izeneko teknikaren bidez egina izan zen, eta bere neurriak 59cm x 81,5 cm-koak dira. Gaur egun, margolan hau Urbinon dagoen Marken Galeria Nazionalean aurki daiteke.
“Jesus zigortzen” deituriko koadroak gai erlijiosoa jorratzen du. Obra honetan bi eszena ezberdin ikus daitezke. Alde batetik, ezkerraldean, Pilatos ageri da tronu batean eserita, Kristo zigortzen ari den bitartean. Beste aldetik, eskuinean, lehen planoan, hiru gizon hitz egiten ageri dira, aurreko eszenatik guztiz kanpo egongo balira bezala.
Obra honetan, artistak hirugarren dimentsioa lortzen du, horretarako perspektiba erabiliz, eta erraz sailkatu ditzakegu ageri diren bi plano ezberdinak. Bigarren planoko pertsonaiak txikiago agertzen dira eta eskailerek sakontasun eta bolumena adierazten dute.Kolore biziak erabiltzen ditu, eta zuriarekin kontraste handia lortzen du. Argia zerutik dator baina nahiko laua dirudi, eta itzal txiki batzuk eratzen ditu. Pertsonaiak nahiko hieratikoak dira eta ez dute sentimendurik adierazten. Espazioa ondo betetzen du, horretarako pertsonaiak eta pare bat eraikin ipiniaz.




Perugino. Giltza ematea:
Pietro Perugino italiar margolaria izan zen eta Cinquecentoko artista nagusienetako bat ere. 1448an jaio zen Perusan, Tiberretik gertu, eta 1523an hil zen. Umbriako eskolako pintorea izan zen eta bere margolanek Piero della Francesca eta Verrocchioren eragina izan zuten, azken hau bere irakasle izan zen. Perugino Rafaelen irakasle izan zen. Vatikanoko Kapera Sixtinako freskoen zati bat margotu zuen. Bere lanetako gaiak gehienbat erlijiosoak izan ziren.
Bere lan garrantzitsuenetako batzuk hauek dira: “Birjinaren ezkon-hitza”, “Kruzifikazioa”, “Giltza ematea”, “Errukia” eta “San Bernardoren bisioa”.
“Giltza ematea”, deituriko koadroa 1481.urtearen inguruan egin zen. Koadro hau, freskoaren teknika gauzatuz egin zen eta bere neurriak 335cm x 550 cm-koak dira. Gaur egun, Vatikanoko Kapera Sixtinan dago.
Obra honek gai erlijiosoa du eta Jesusek San Pedrori zeruko giltzak ematen dion momentua ikus daiteke. Bibliak dio, Jesusek San Pedrori zeruko giltzen jabea egitean lurreko lehen ministro izendatzen duela, bere lurreko ordezkari. Pertsonai nagusiak koadroaren erdian ageri dira, Jesus eta San Pedro, jendez inguratuta.
Koadroak hirugarren dimentsioa lortzen du. Perspektiba ere lantzen du, hala sakonera eta bolumena lortzeko. Gainera, Peruginok konposizio simetriko bat eratzen du paisaian, eraikinetan eta pertsonaien banaketan. Bestalde, bere teknika ona dela ikus dezakegu pertsonaien arropetan adibidez, tolesdura guztiak markaturik baitaude. Margolan honetan Peruginok kolore ilunak erabiltzen ditu, lurrean eta zeruan izan ezik, hala kontrastea handia eragiten. Itzalak eratzen ditu lurrean errealismo gehiago emanez. Pertsonaien ardatzak bertikalak dira eta ez da mugimendurik ageri. San Pedrok esker ona adierazten du bere begietan eta bere aurpegiko espresioak horri laguntzen dio.








                          Eskultura


Verrochio. Colleoni Condotieroa:
Andrea del Verrocchio, Verrocchio bezala ezaguna, margolari, eskultore eta urregile italiarra izan zen. 1435an jaio zen Florentzian eta  1488an hil zen Venezian. Leonardo da Vinci-ren irakasle izan zen. Bitxigile bezala hasi zen lanean, eta adituen ustetan Donatelloren ikasle izan litekeen. Verrocchiok Donatelloren, Rossellinoren eta Antonio Pollaiuoloren influentziak jaso zituen bere lanak gauzatzerakoan. Bere lanen gaiak erlijiosoak, zaldienak eta mitologia gai biblikoekin nahastua ziren.
Beren lan nabarmenak hurrengo hauek dira: “Kristo eta Tomas santua”, “Kristoren bautismoa”, “Birjina Juan Bautista eta Donato santuekin”, “Tobias eta aingerua”, “David”, “Coleoni Condotieroa”, “Kristoren susperraldia”, “Giuliano de Medici” eta “San Tomasen duda”.
Verrocchiok “Coleoni Condotieroa” izeneko eskultura 1481 eta 1488.urteen artean egin zuen gutxi gorabehera, baina ezin izan zuen bukatu, hil egin batzen. Enkargua 1579an egin zion Venezia hiriak, urte batzuk lehenago hil zen mertzenario baten ohoretan. Gaur egun, eskultura hau, San Giovani eta San Pablo plazan dago, San Markos eskolaren parean, Venezian.
Basea 780cm x 410 cm-koa da eta brontzeaz egina dago. Eskultura hau Bérgamo Bartolomeo Colleoni-rena da, 1475an hil zen mertzenarioarena. Hasieran, eskultura San Markos plazan jarri behar zuten mertzenarioak hala eskatu baitzuen hil aurretik, baina herritarrei gehiegizkoa iruditu zitzaien.
Obra honen konposizioa orekatu da, eta lasaitasuna adierazten du. Agertzen diren mugimendu bakarrak zaldiaren aurreko hanka batena dira. Ez dira sentimenduak ageri eta espresioak oso hieratikoak dira, eskulturarekin oreka mantenduz. Modelatua leuna da, hala soldaduaren perfekzioa adierazteko.




Bernini. Luis XIV:

Gian Lorenzo Bernini eskultore italiarra izateaz gain, margolari eta arkitektoa ere bazen eta barrokoko artista esanguratsuenetako bat izan zen. Napolin jaio zen 1598ko abenduaren 7an eta Erroman hil zen 1680ko azaroaren 28an. Bere lehen ikasketak bere aitarengandik jaso zituen, Pietro, eskultore manierista zena, eta Berniniren lan batzuetan bere influentzia nabaria da. Bere artelanen gaiak gehienbat hurrengo hauek ziren: erlijiosoak (martirioa, estasia), hilobi-gaiak (makabroak), zaldienak, iturriak eta mitologikoak.
Beren lan nabarmenak hurrengo hauek dira: “Apolo eta Dafne”, “David”, “San Pedroren plaza”, “Santa Teresaren estasia”, “Longinoak”, “Urbano VII-aren hilobia” eta “Lau ibaien iturria”.
“Luis XIV.ena” deituriko estatua hau, 1677.urte inguruan egina izan zen eta Luis XIV.enak berak enkargatu zion Berniniri, Versallesko jauregian jartzeko. Erregeari ez zitzaion askorik gustatu eta Versallesko leku ezkutu batean ipini zuen, jendeak ikus ez zezan. Denborarekin, estatua hondatzen joan zen, eta erasoak jaso zituen, horregatik museo batean gorde zuten eta hiru kopia egin zituzten: bata, Versallesko jauregian jartzeko; bestea, Louvre museoko aurreko plazan eta azkena, AEB-etako Jacksonville herrian.
Eskultura marmolez egina dago eta gai mitologikoa du. Mitologiako Herculesen errepresentazio bat da, zaldiarekin su gainetik pasatzen ari den bitartean bere arima garbitzeko. Berninik Luis XIV.ena irudikatu zuen, hala, estatua monarkia absolutuaren boterearen adierazle bezala erakusteko.
Estatua honen konposizioa diagonala da eta mugimendua edo akzioa adierazten du, baliabide ezberdinen bitartez: zaldiaren hankak altxatuta, zaldiaren ilea atzerantz botata, pertsonaiaren gorputza okertuta, lurreko sugarrek… Ondo modelatua dago eta testura ezberdinak nabari daitezke, sentsazioari garrantzia emanez. Luis XIV.aren begietan ausardia ikus daiteke eta bere gorputzak indarra eta boterea islatzen dute.






Bernini. Albertoni Beata:
Gian Lorenzo Bernini eskultore italiarra izateaz gain, margolari eta arkitektoa ere bazen eta barrokoko artista esanguratsuenetako bat izan zen. Napolin jaio zen 1598ko abenduaren 7an eta Erroman hil zen 1680ko azaroaren 28an. Bere lehen ikasketak bere aitarengandik jaso zituen, Pietro, eskultore manierista zena, eta Berniniren lan batzuetan bere influentzia nabaria da. Bere artelanen gaiak gehienbat hurrengo hauek ziren: erlijiosoak (martirioa, estasia), hilobi-gaiak (makabroak), zaldienak, iturriak eta mitologikoak.
Beren lan  esanguratsuenak hurrengo hauek dira: “Apolo eta Dafne”, “David”, “San Pedroren plaza”, “Santa Teresaren estasia”, “Longinoak”, “Urbano VII-aren hilobia” eta “Lau ibaien iturria”.
“Albertoni Beata” deituriko eskultura hau 1671 eta 1674.urteen artean egin izan zen. Orduko Albertoni kardinalak enkargatu zuen lan hau. Gaur egun, eskultura hau, Erromako “San Francesco a Ripa” elizan aurki dezakegu. Eskulturaren dimentsioa 188cm-koa da eta, marmolaz eta jaspe edo harrinabarraz egina dago.
Eskultura honetako gaia erlijiosoa da, eta Albertoni Beataren estasia ikus dezakegu. Konposizioa diagonala da eta bere eskuekin mugimendua adierazten du, baita arropen tolesdurekin ere. Modelatua kalitate askorekin egina dago, sentsazioaren garrantzia nabarmentzeko. Bere aurpegiko espresio eta keinuek jaungoikoarenganako loturak eragiten dion plazera adierazten du, emozioz beteta.


 

Michelangelo. Bako hordituta:
Michelangelo Buonarroti errenazimendu garaiko eskultore italiarra izateaz gain, arkitekto, margolari eta olerkaria ere zen, eta historiako artista handienetako bat bezala kontsideratua da. 1475eko martxoaren 6an jaio zen Toskanako Caprese herrian eta 1564ko otsailaren 18an hil zen Erroman. Florentzian eta Erroman bizi izan zen gehienbat han bizi baitziren bere mecenasak, hala nola, Medicis familia eta erromatar aita-santu ezberdinak. Bere lehen ikasketak Ghirlandaioren tailerrean egin zituen. Bere lan gehienek gai mitologikoak edo biblikoak dituzte.
Bere obra esanguratsuenak hauek dira: “David”, “Kapera Sixtinako ganga”, “San Pedro plazaren zati bat”, “Moises”, “Julio IIa aita-santuaren hilobia”, “ Bako” eta “Errukia”.
“Bako hordituta” deituriko eskultura 1497.urtean egin zen. Lan hau, Raffaele Riario kardinalak enkargatu zuen, 1496 urtean, baina jasotzerakoan lana ukatu zuen eta Jacopo Gallik eskuratu zuen. Beranduago, 1572an Francesco I de Medici-k erosi zuen eskultura. Gaur egun, Florentzian dagoen Bargelloko museo nazionalean dago.
Eskulturak 203cm-ko altura du eta marmolez egina dago.
Eskultura honetako gaia mitologikoa da. Bako agertzen da, ardo eta festen jainkoa, eta bere izenari ohore eginez, ardo katilu bat du eskumako eskuan. Erdi mozkortuta ageri da, gorputza balantzaka duela dirudi, eta biluzik dago. Bere atzean ume bat ageri da, ahuntz hankak dituena, Bakoren eskuko mahatsak lapurtzen saiatzen.
Michelangelok gizakiaren perfekzioa bilatzen du, eta antzinate klasikoa eredutzat hartzen du. Konposizioa zentrifugoa da eta Bakoren ezegonkortasuna islatzen du. Modelatua leuna da, eta hala perfekzioa adierazten du. Bere aurpegian espresioen oreka ikus daiteke.




No hay comentarios:

Publicar un comentario